2018 FARMAZIA LANBIDEAREN DEONTOLOGIA KODEA

HITZAURREA

Besteak beste, elkargokideen lanbide-jarduera antolatzeko eginkizuna esleitzen die legeriak elkargo profesionalei, haien eskumen-esparruaren barruan. Antolaketa hori profesionalen duintasuna eta etika jagonda eta pertsonen eskubideak behar bezala errespetatuta egin behar da.

Aurrekoaren ildotik, Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorraren aburuz, behar-beharrezkoa da farmazia-jardueraren arloko deontologia kodea izatea, farmazialari guztiek beraien jardunean aintzat har dezaten, abiaburu etiko eta profesional batzuetan oinarrituta eta profesionalen jardunak pertsonen osasunari eragin diezaiokeen ondorioak kontuan hartuta. Hala, farmazialarien lanbide-eginkizunak etikaren ikuspegitik bideratu eta gizartearentzako zerbitzu hobea erdiesteko helburuz prestatu da kodea.

Honako kode honen xedea legezko araudia osatzea da, arretaren kalitatea bermatzeko eta gizarteak farmazia-lanbideari eskatzen dizkien printzipio etiko eta profesionalei eusteko. Bestetik, kodean jasotzen denez, lanbide honen konpromisoa pertsonen, animalien nahiz ingurumenaren osasuna nahiz bizi-kalitatea hobetzea eta gizartearen zerbitzuko jartzea da, hartara, farmazia-lanbidearen deontologia-arauak lege eta gizarte berrira egokituta.

Honako kode honen prestaketak aintzat hartu ditu farmazia-lanbidearen izaera desberdinak; horregatik, farmazialari guztientzat baliagarriak diren arau eta manuak ezarri ditu, garatzen duten jarduera-mota zeinahi delarik ere.

Era berean, farmazialariak honako kode hau nahitaez bete behar dutenez, farmazialari guztiek betetzeko moduko arauak eta manuak jaso dira bertan eta, hortaz, lanbide honen jardunean sor daitezkeen eztabaida etikoen aurrean, farmazialariek bidezkotasun osoz har ditzaketen jarrera ugariak babestu dira, farmazia-lanbidea denboraren poderioz bilakatzen baita eta erronka berriei heldu behar baitie, inoren uste-iritziak urratu barik.

Ondoko testua handitu eta garatu daiteke farmazia-lanbidearen arloetan eta farmazialarien elkargoen erakundearen lurralde-mailetan jarduten duten farmazialarientzat, horien guztien eskumenak zeharo aintzat hartuta, lanbide-jarduna nork bere lurralde-eremuan antolatzeko helburuz, betiere honako kode honetan jaso diren oinarrizko printzipioak errespetatuta.

Kodeak hitzaurrea eta 54 artikulu dakartza, hamalau kapitulutan bilduta. Haietan, definizioa eta eragin eremua, lanbide-jardunaren abiaburu orokorrak, farmazialariaren jardun arduratsua eta askea, farmazialariaren eta paziente/erabiltzaileen arteko harremanak, botikak emateko kalitatea eta beste zerbitzu profesional batzuk, komunikazioa eta teknologia berrien erabilera lanbide-jardunean, farmazialarien arteko harremanak eta farmazialarien eta osasun-arloko beste profesional batzuen artekoak, gizarte eta administrazio publikoekiko harremanak, farmazialarien elkargoen erakundearen barruko harremanak, lanbidea garatzen deneko erakunde, zentro edo establezimenduekiko harremanak, publizitatea, kontzientzia-eragozpena, ikerketa eta argitalpen profesionalak eta ikerkuntza jorratzen dira.

Horiek horrela, honako kode honek farmazialarien lanbide-jarduketak eta profesionalen jokabidea arteztu?? behar dituzten abiaburuak eta arau etikoak jasotzen ditu.

I. kapitulua

DEFINIZIOA ETA ERAGIN-EREMUA

1. artikulua. Definizioak

1- Farmazia-lanbidearen deontologia farmazialarien jokabidea eta lanbide-jarduketak arteztu behar dituzten abiaburu eta arau etikoen multzoa da.

2- Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiak onartu duen Farmazia Lanbidearen Deontologia Kodeak lanbide-etikari datxezkion abiaburu eta oinarrizko arauak dakartza, jarduera behar bezala garatzeko.

2. artikulua. Eragin-eremua

1- Honako kode honetan jasota dauden xedapenek Espainian farmaziaren lanbidean jarduten duten farmazialari guztiei eragiten die, haien jardun-arloa zeinahi dela, farmazialarien lanbide-elkargoen esparruan onar daitezkeen beste deontologia-arau batzuei kalterik egin gabe.

2- Era berean, aipatutako arauak aplikagarri izango zaizkie Europar Batasuneko estatukide den beste estatu batean jarduten duten farmazialariei, farmazia-lanbidean aldi batean edo noizbehinka jarduten badute Espainian.

3- Lanbide-sozietateek garatzen dituzten jarduerek ere kode honetan araututakoak bete beharko dituzte; hala, dena delako sozietateak sozietate horren bitartez jarduten duten farmazialari batek gauzatutako ekintzen erantzukizun deontologikoa izango du, betiere farmazialari horrek banaka hartu duen lanbide-erantzukizunari kalterik egin gabe.

4- Halaber, farmazialarien elkargoen erakundeari atxikitako elkargo-korporazioek men egin beharko diete kode honetan jasotako xedapenei haien jarduera guztietan.

3. artikulua. Arau-hausteen ondorioak

Honako kode honetan jasotako betebeharren urraketak hutsegite deontologikoak dira eta halakoak zuzendu beharko dira, dagokion eran, farmazialarien elkargo ofizialen, elkargo ofizialen autonomia-kontseiluen eta Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren estatutuetan ezarritako prozedura eta diziplina-arauei jarraiki.

II. kapitulua

LANBIDE JARDUERAREN ABIABURU OROKORRAK

4. artikulua. Lanbide-jardueraren abiaburu orokorrak

1- Lanbidearen jardueran, farmazialariaren helburu behinenak gizarteari zerbitzu ematea eta pazientearen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea izango dira. Helburu horiek betetzeko etikari eta deontologiari men egingo die.

2- Farmazialariak zorrotz bete behar du indarrean dagoen legeria eta, bestetik, honako kode honetan jasotako xedapenak bete behar ditu, lanbideari lotutako jarduera guztietan jokabide etikoa izanda.

3- Farmazialariak ez du gauzatuko bere deontologia-betebeharren aurkako gatazkarik sor dezakeen edo bere independentzia arriskuan jar dezakeen jarduerarik.

5. artikulua. Gizarte-konpromisoaren abiaburu orokorrak

1- Farmazialariak gizartearen osasuna hobetzea eta zaintzea lehentasunezkotzat joko ditu, eta helburu hori jarriko du bere interes legitimoen aurretik.

2- Farmazialariak lanbidean jardungo du osasun-eginkizunari atxikita beti, eta farmazia-zientziak ontzen dituen aurrerapenak egokituko ditu jardun horretan, laguntza ematen dion herritarren mesedetan.

3- Lanbidearen jardueran, farmazialariak lagundu egingo du giza baliabideen, baliabide teknologikoen, terapeutikoen eta ekonomikoen erabilera eraginkorra bideratzen, batez ere, aipatutako baliabideak finantzaketa publikoaren araubidearen menpekoak direnean.

4- Ahal den neurrian, farmazialariak osasun-sistemaren jardunbide egokia ahalbidetuko du eta bertako printzipio etikoei eusten ahaleginduko da.

6. artikulua. Pazientearekiko jardueraren abiaburu orokorrak

1- Lanbidearen jardunean, farmazialaria pazienteen duintasuna errespetatu eta horien ongizatea nahiz osasun hobetzen ahaleginduko da. Bestalde, oinarrizko abiaburu edo printzipio horiek kolokan jartzen dituzten ekintza guztiak baztertu egingo ditu.

2- Farmazialariak ez du parte hartuko legezkotasunaren aurkako jardueretan, baldin eta haren jakintza eta trebetasunak pertsonen biziaren, duintasunaren edo giza eskubideen aurkako egintzetan erabiltzen badira, honako kode honen XII. kapituluan jasota dagoen kontzientzia-eragozpenarenerako eskubidearen inguruan xedatutakoari kalterik egin gabe.

3- Farmazialariak paziente eta erabiltzaile guztiei arreta egin behar die ardura eta prestutasun berdina erakutsiz, eta ez du inolako bereizkeriarik egin behar arraza, sexu, adin, erlijio, herritartasun, iritzi politiko edo gizarte-egoeraren arrazoiengatik.

4- Lanbide-sekretua farmazia-lanbidearen berezko ezaugarria da eta, hortaz, farmazialariak pazientearen edo erabiltzailearen intimitatea babestu behar du.

5- Farmazialariak berebiziko ahalak egingo ditu deontologia-eginkizunak eta lanbidearekiko konpromisoa betetzeko hondamendietan, izurrietan eta osasun-larrialditzat jo daitezkeen gainerako egoera guztietan.

7. artikulua. Lankidetzako abiaburu orokorrak

1- Farmazialariak lankidetzan jardungo du beste farmazialari batzuekin eta gainerako osasun-profesionalekin gizartearen osasuna hobetzen eta paziente guztien osasun-arreta hobetzen laguntzeko, indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzei jarraiki.

2- Farmazialariak osasunaren eta gizarte-ongizatearen arloko eskumena duten administrazioekin lankidetzan jardungo du, pertsonen osasunerako eskubidea eraginkorra izan dadin.

3- Farmazialariak farmazia-elkargoen erakundearekin lankidetzan jardungo du, azkenak bete behar dituen funtsezko helburuak eta eginkizunak gauzatzea izan dezan.

8. artikulua. Ahalmen, gaitasun eta jakintza eguneratzeari buruzko abiaburu orokorrak

1- Jakintza-gaitasunaren oinarri dituen ezaupide zientifikoei, teknikoei eta lege-arlokoei eutsi eta horiek eguneratu beharko ditu farmazialariak, zeregin profesionalei lotutako jarduna behar bezalako kalitate-mailaz bermatzeko.

2- Farmazialariak gizalegez, zorroztasunez, arduraz eta erantzukizunez gauzatu beharko du lanbide-jarduera; hori horrela, ez du lanbide-jarduera bati ekingo baldin eta jarduera horretarako gaitasun nahikorik ez badauka edo tituluak emandako lanbide-gaitasunetik kanpoko bada, indarrean dagoen legeriari jarraiki.

III. kapitulua

FARMAZIALARIAREN JARDUN ARDURATSUA ETA ASKEA

9. artikulua. Legearekin bat datorren lanbide-jarduna

1- Farmazia-lanbidearen zeinahi moldetan jarduteko, osasunari lotutako lanbide tituludun eta arautua den aldetik, indarrean dagoen legeriak ezarritako eskakizunak bete behar dira.

2- Farmazialarik jagon beharko du bere lanbide-jarduketa guztiak lanbidea arautzen duten legeei eta gainerako xedapenei jarraiki eta men eginda gauzatu daitezela, eta horiek guztiek arautzen dutenaren barruan, lehia askea arautzen duten legeei men eginda.

3- Farmazialariak jakin beharko du indarrean dagoen legeriak zer-nolako bateraezintasun ezartzen dituen, betiere profesional horren lanbide-modalitateari edo garatu nahi izango lukeen jarduerari eragiten dioten heinean.

4- Farmazialariak ez du inoiz lanbidearen legez kontrako jarduera ahalbidetu, ezkutatu edo babestu, eta halako inguruabarren berri izatekotan, farmazialari-elkargoen erakundeari eta/edo osasun-agintaritza eskumendunari jakinarazi beharko dio.

5- Farmazialariak bere lankideen berariazko eskumenen esparrua errespetatu beharko du, baina horrek ez du bere erantzukizunetik libratuko, indarrean dagoen legeriak xedatutakoari jarraiki.

10. artikulua. Lanbide-jardunean aritzeko gaitasuna

1- Farmazialariaren lanbide-gaitasuna haren tituluan, haren jakintzan eta haren eskarmentuan funtsatzen da eta, horregatik, aipatutako guztiak egokiak izan behar dira nork bere lanean garatzen dituen zereginen arabera.

2- Adina, gaixotasuna, substantziaren baten eragina edo beste arrazoiren bat dela kausa, bere gaitasun fisikoa edo fisikoa gutxitu dela eta, beraz, bere lanbide-gaitasunak kaltea hartu eta murriztu dela igartzen badu farmazialariak, lanbide-jarduera eten edo, bestela, aldatu beharko du, bidezkoa bada, murrizpen hori sorrarazi duten arrazoiak amaitu arte.

3- Farmazialariak aurreko atalean deskribatutako inguruabarrak igarri ez, baina lankide batek antzemango balitu, lankideak urritzea pairatzen ari den farmazialariari jakinaraziko dio eta, beharrezkoa balitz, farmazialarien elkargo eskumendunari emango dio egoeraren berri, paziente eta erabiltzaileen hobe beharrez.

11. artikulua. Lanbide-jakintza eguneratzea eta etengabeko prestakuntza

1- Lanbide-jarduera behar bezala gara dadin, betebehar etikoa izateaz gain, farmazialariaren eskubidea eta erantzukizun saihestezina da lanbideari lotutako jakintza eta prestakuntza etenik gabe eguneratzea jardunean dagoen artean.

2- Farmazialari-elkargoen erakundeak sustatu eta ahalbidetu behar du farmazialariek etengabeko prestakuntza jasotzeko modua.

12. artikulua. Ebidentzia zientifiko eta kalitate teknikoarekiko konpromisoa

1- Farmazialariak ebidentzia zientifikoarekiko konpromisoa dauka. Nolanahi ere den, ez ditu eskainiko eraginkortzat proposatzen diren gezurrezko produktu eta/edo zerbitzuak.

2- Farmazialariak aholku profesionala ematen duen guztietan, aholkua irizpide profesionaletan oinarritu beharko da beti eta indarrean dagoen jakintza zientifikoarekin bat etorri beharko da; hala, pazientearen interes legitimoari atxikitzen ez zaion irizpen oro baztertu beharko du.

3- Farmazialariak bere lanbide-jardueraren esparruan aplikagarriak diren praktika kliniko eta asistentzialari buruzko protokoloez jakin beharko du −halakoak ebidentzia zientifikoan eta eskuragarri dauden baliabideetan oinarritzen dira−.

4- Farmazialariak botika, osasun-produktu eta bere jardun-eremuaren barruko produktu guztien inguruko informazio egiazkoa, zientifikoa eta ebaluatua eman beharko du. Gainera, informazio horrek indarrean dagoen legeriari eta unean uneko jakintza zientifikoari men egin beharko die beti.

5- Farmazialariak arreta handiz jokatu eta araudi tekniko eta sanitarioekin bat ez datozen produktuen sustapena eta erabilera ekidin beharko du, bai eta ustezko osasun-helburua duten produktuak arautzen dituen legeriak debekatzen dituen produktuen sustapena ere.

13. artikulua. Irizpide profesionalaren beregaintasuna

1- Farmazialariak erabateko autonomia teknikoz eta zientifikoz gauzatu beharko du bere lanbide-jarduera, indarrean dagoen ordenamendu juridikoak eta aplikagarriak diren deontologia-printzipioek ezarritako mugak besterik ez dituela; ildo horretan, bere askatasun profesionala oztopatzen edo eragozten duen zeinahi traba edo bortxa baztertuko du.

2- Farmazialaria ahalegindu egingo da bere lanbide-jarduera ahalik eta inpartzialtasun handienez garatzen norberaren interes edo erakundeen interes kontrajarrien aurrean dagoenean. Legezko betebeharraren zioz edo lanbidea garatzen deneko jardueraren izaera juridikoaren zioz, farmazialariak berezkoak dituen lanbide-irizpideen aurka jardun beharko balu, idatziz jaso ahalko du eta elkargora helarazi ahalko du idatzia, betiere lanbide-sekretua babestuta eta bere jardunaren eraginkortasunari kalterik egin gabe.

3- Botikak emateari dagokionez, farmazialariak bere jardunaren askatasuna bermatu beharko du eta, hortaz, ez dio pizgarri ekonomikorik onartuko −indarrean dagoen legeriak baimentzen dituenak izan ezik− medikamentuak ekoizten, fabrikatzen edo merkaturatzen interesak dituenari.

14. artikulua. Lanbidearen jardunean eragindako kalteen ziozko erantzukizuna

1- Farmazialariaren jarduna bere prestakuntzan, bere eskarmentuan eta profesional gisa doakion erantzukizunean oinarritzen da. Hori dela eta, lanbide-jardunaren ziozko ondorio kaltegarriak bere gain hartuko ditu, legez dagokion eran eta, bidezkoa bada, egiazko azalpena, argia, zintzoa eta egoeraren araberakoa eskainiko dio interesdunari.

2- Farmazialari guztiek beren lanbide-jardunaren ziozko erantzukizunari heltzeko estaldura egokia izan beharko dute, hala badagokio, lanbide-zerbitzuak ematerakoan pertsonei eragindako kalteen ziozko ordainari aurre egiteko.

3- Farmazialariak berak erantzungo die bere lanbide-jardunaren zioz eragindako kalteei, farmazia-bulego baten jabe eta titularra den aldetik.

IV. kapitulua

FARMAZIALARIAREN ETA PAZIENTE/ERABILTZAILEEN ARTEKO HARREMANAK

15. artikulua. Pazienteen osasunerako eta bizi-kalitaterako eskubidearen lehentasuna

1- Bere lanbide-jarduna dela medio, farmazialariaren erantzukizuna da pazientearen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzea eta, horretarako, gaixotasuna prebenitzeko eta tratamendu terapeutiko eraginkor eta seguruak hartzeko eskubidea sustatuko du, erantzukizun hori beste edozein irizpen edo interes legitimoaren gainetik jarrita, bai eta farmazialariaren interes pertsonal, profesional edo ekonomikoen gainetik jarrita.

2.- Farmazialariak arreta, zorroztasun eta zuhurtasun osoz erantzungo die pazienteen beharrizanei, nork bere eskumen-eremuaren barruan eta ez dio inola ere nahita kalterik eragingo pazienteari.

3- Pazienteen bestelako iritziek eta kexuek ez dute ondorio kaltegarririk sorrarazi beharko farmazialariak ematen dien arretaren kalitatean.

16. artikulua. Pazientearen baimena eta hautatzeko askatasuna

1- Osasunaren arloan, paziente edo erabiltzaile bat hartzaile duen edozein jarduketak beharrezkoa du hartzailearen baimen informatu, libre eta borondatezkoa. Hala, farmazialariak hartzailearen erabakia errespetatu beharko du, legeriak ezarritako baldintzei jarraiki.

2- Farmazialariak une oro errespetatu beharko du pazientearen askatasuna osasun-zentroa edo -establezimendua hautatzeko eta, horren zioz, pazienteak ezin du kalterik hartu jasotzen duen arretaren kalitateari dagokionez.

17. artikulua. Pazientearen duintasuna errespetatzea eta diskriminaziorik ezeko printzipioa

1- Farmazialariak pazienteen duintasuna eta haien nahimenaren autonomia errespetatu beharko ditu. Era berean, haien intimitatea babestu beharko du.

2- Pazienteei arreta emateko instalazioak pazienteekiko begirunea eta duintasuna bermatzeko egokiak direla eta esandakoak gauzatzeko beharrezko baliabide teknikoak dituztela ziurtatu beharko du farmazialariak (edo, hala badagokio, instalazioen arduradunei proposatu beharko die).

3- Lanbide-egintza leuntzen eta errazten duen komunikazioa bideratuko du farmazialariak paziente edo erabiltzailearekin eta, horretarako, behar besteko denbora eskainiko dio.

4- Farmazialariak bere jokamoldea, hizkera, itxura, irudia eta, oro har, portaera zainduko ditu, paziente eta erabiltzaileentzako arreta hobetzeko helburuz.

5- Farmazialaria lanbide-jardunari lotuko zaio inolako diskriminaziorik egin gabe adin, sexu, arraza, erlijio, ideologia, herritartasun edo beste arrazoi bategatik. Horrela, farmazialariak paziente eta erabiltzaileen iritzi moral eta erlijiosoak errespetatu beharko ditu eta ez da ahaleginduko bere iritziak pazienteenei gailentzen. Iritzi profesionalak erabiliz, ez besterik, aholku emango die pazienteei eta ardura zein arreta berdina baliatuz hartuko ditu guztiak.

18. artikulua. Paziente edo erabiltzailearen informaziorako eskubidea

1- Farmazialariak era objektiboan, gaurkotuan, errazean eta arreta jasotzen duen pertsonaren adimen-gaitasunaren arabera eman beharko die informazioa pazienteei edo erabiltzaileei; gainera, pazienteak eskatuz gero, idatziz ere eman beharko dio informazioa.

2- Pazienteek eta erabiltzaileek arreta eskaintzen dien profesionalaren nortasunaz eta trebakuntzaz jakiteko eskubidea dute.

3- Pazienteek eta erabiltzaileek daukaten informaziorik ez jasotzeko eskubidea babestu beharko du farmazialariak.

19. artikulua. Paziente edo erabiltzailearen intimitaterako eskubidea

1- Lanbidearen jardunean, farmazialariak erabateko zorroztasunez errespetatuko du berak arreta eskaintzen dien paziente edo erabiltzaileen intimitaterako eskubidea.

2- Farmazialariak bere lanbide-jarduera behar bezala betetzeko behar-beharrezko informazioa baino ez die eskatuko arreta eskainitako pertsonei eta datuen isilpekotasuna babestu eta hari eutsiko dio, indarrean dagoen legeriari jarraiki.

3- Indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzetan, ez da intimitaterako eskubidea urratuko baldin eta pazienteak, nahita eta bere borondatez, senide edo konfiantzazko pertsona bat berarekin egoteko baimena ematen badu.

20. artikulua. Lanbide-sekretua

1- Lanbide-jardunean arituta, farmazialariak eskuratzen duen informazio pertsonala lanbide-sekretua gordetzeko eginbeharrari lotzen zaio.Lanbide-sekretuak farmazialari guztiei eragiten die, jarduketa guztietan, farmazialarien jarduna zeinahi dela ere.

2- Lanbide-sekretua gordetzeko eginbeharraz bakar-bakarrik libratu ahalko da farmazialaria interesdunaren berariazko baimen eta ezbairik gabekoaren ondorioz, agindu judizialaren eraginez, edo legeriak ezarritako inguruabarren aurrean, komunikazio- edo salaketa-eginbeharrak betetzeko xedez, legeriak berak xedatutako baldintzei jarraiki. Salbuespenez, eginbehar horretatik libratuko da farmazialaria beste pertsona baten edo batzuen bizitza edo funtsezko eskubideak arriskuan daudenean, azkenak gailendu behar baitira lanbide-sekretua gordetzeko eginbeharraren gainetik.

3- Farmazialariak zaindu beharko du bere lankideek ere lanbide-sekretua gordetzeko eginbeharrari hel diezaioten.

4- Pazientea hilez gero ere, farmazialaria ez da lanbide-sekretua gordetzeko eginbeharretik libratuko.

V. kapitulua

BOTIKAK EMATEKO KALITATEA ETA BESTE ZERBITZU PROFESIONAL BATZUK

21. artikulua. Pertsonen eskubidea botikak eskuratzeko

1- Botikak legezko baldintzen arabera eta ezarritako arauei jarraiki banatu behar zaizkie erabiltzaileei, pertsonek horretarako eskubidea eta farmazialariek betebeharra baitute.

2- Farmazialariak ez du botikarik emango arrazoizko zalantzak sortzen bazaizkio pazienteak edo erabiltzaileak aurkeztutako medikuaren errezetaren benetakotasun edo baliotasunari buruz, behintzat, medikuaren aginduaren zilegitasuna egiaztatzerik ez badauka. Zilegitasuna egiaztatu ezean, osasun-agintari eskumendunei jakinarazi beharko die gertaeraren berri, indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzei jarraiki.

3- Farmazialariak kontzientzia-eragozpenerako eskubidea baliatzea izan dezan, edozein kasutan ere, bermatu beharko dira pertsonen osasuna babesteko eskubidea eta botikak eskuratu ahal izateko eskubidea.

22. artikulua. Farmazialarien jardun-eremuko botiken eta beste produktu batzuen banaketa egokia

1- Farmazialariak bere jardun-eremuaren barruko botikak eta beste produktu batzuk ematen dituenean, horien erabilera egoki eta zentzuzkoari buruzko informazioa eskaini beharko die hartzaileei eta, hala dagokionean, horien egokiespenari, posologiari, eraginei, desegokiespenei, aurkako ondorioei eta kontserbazioari buruzko informazioa eman beharko die, bai eta botiken edo produktuen erabilera egokia segurtasunez eta eraginkortasunez bermatzeko.

2- Aurreko paragrafoan aipatutako informazioa kode honen 18. artikuluan ezarritako irizpideen arabera eman beharko da. Gainera, farmazialariak ez du itxaropen terapeutiko desegokirik sustatuko.

3- Botikak ematen dituen farmazialariak jagon beharko du botikak arduraz erabil daitezen eta botiken abusua prebenitu beharko du.

4- Farmaziako establezimendu edo zerbitzuaren farmazialari arduradunak jagon beharko du paziente eta erabiltzaileek bertan jarduten duten beste farmazialari eta laguntzaile batzuen identitateaz eta gaitasunaz jakiteko aukera izan dezaten.

5- Kode honen abiaburuak botika-banaketa guztietan aplikatu ahalko dira, preskripzio-bidea edo errezetaren formatua zeinahi dela, hots, elektronikoa edo paperekoa.

23. artikulua. Pazienteei eskainitako lanbide-zerbitzuak

1- Farmazialariak bere titulazioaren araberako lanbide-zerbitzuak eskaini ahalko dizkio pazienteari, betiere indarrean dagoen legeriak ezarritako betekizunak betetzen baditu. Era berean, ziurtatu beharko du eskainitako zerbitzuak kalitatez eta segurtasunez gauzatzeko behar beste giza baliabide eta baliabide material dituela.

2- Farmazialariak beharrezko informazio guztia eman beharko du aurretiaz, pazientearen edo zerbitzuaren hartzaileak baimen informatua eman dezan, eskainitako zerbitzuaren ezaugarriak eta xedeak, metodologia, lortu nahi diren helburuak eta pazientearen eskubideak jakin ondoren.

3- Pazienteari lanbide-zerbitzuren bat eskaintzen dion farmazialariak ziurtatu beharko du arreta kalitatezkoa dela eta pazientearen beharrizanei erantzuten diela, eta era profesionalean bete ezin duen itxaropen aizunik edo faltsurik ez du sortuko.

24. artikulua. Historial farmakoterapeutikoa eta beste agiri kliniko batzuk

1- Lanbide-jarduerak gauzatzeko xedez, pazientearen datu pertsonalak erabiltzen dituen farmazialariak bete egin beharko ditu indarrean dagoen datu pertsonalak babesteari buruzko legeak ezarritakoak, erabilitako datuen isilpekotasuna eta segurtasuna bermatzeko.

2- Farmazialariak pazienteari buruz daukan historial farmakoterapeutikoa eta beste agiri kliniko batzuetan sartzeko eta edukia ezagutzeko eskubidea dauka pazienteak, farmazialariak egindako ohar subjektiboak izan ezik, eta historialaren kopia eskatu edo prozedura ezereztatzeko eskatu ahal izango du edozein unean, indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzei jarraiki.

3- Paziente baten historial farmakoterapeutikoan eta beste agiri kliniko batzuetan ageri diren datuak analisi zientifikoaren, estatistikaren edo irakaskuntzaren helburuetarako erabili ahalko dira, baldin eta pazienteen datuen isilpekotasuna erabateko zorroztasunez betetzen bada, haren zuzeneko nahiz zeharkako identifikazioa galarazita eta, edozein kasutan, indarrean dagoen legeriak xedatutako eskakizunak beteta.

VI. kapitulua

KOMUNIKAZIOA ETA TEKNOLOGIA BERRIEN ERABILERA LANBIDE-JARDUNEAN

25. artikulua. Urruneko lanbide-jarduketak edo bitarteko telematikoen bidezkoak

1- Banaketa-mota horren bidez emateko baimena duten botikak baino ezin izango zaizkie eman paziente edo erabiltzaileei, horretarako baimena duten establezimenduetatik, indarrean dagoen legeriak araututakoei jarraiki eta legeriak berak ezarritako baldintzetan.

2- Farmazialariaren lanbide-jarduna urrutikoa denean, aurrez aurreko jardunean bete beharreko deontologia-erantzukizunei heldu behar zaie, batez ere, gardentasuna, informazioa, konfiantza eta isilpekotasuna betetzeko ahaleginak eginda eta, edozein kasutan, indarrean dagoen legeriak dioenarekin bat etorriz.

3- Paziente edo erabiltzeei zerbitzu bat ematerakoan, aplikazioak eta tresna informatikoak erabiltzen direnean, farmazialariak aurretiaz jakin beharko du tresna horien pribatutasun- eta erabilera-baldintzez, datuen isilpekotasuna behar bezala bermatuta dagoela ziurtatzeko eta aplikatu beharreko lege- eta deontologia-betebeharrei men egiten dietela egiaztatzeko.

4- Lanbide-zerbitzuak urrunetik emateko, farmazialariaren eta zerbitzuaren hartzailearen arteko identifikazioak argia izan behar du, komunikazioen eta horien datuen intimitatea, segurtasuna eta isilpekotasuna bermatu behar da, eta aurrez aurreko harremanak ez du ezinbestekoa izan behar zerbitzuaren prestazioak bukaera ona izan dezan, betiere kalitate-maila egokiari eutsita. Era berean, farmazialariak ziurtatu beharko du hartzaileak berarekin jar daitezkeela harremanetan era zuzen eta eraginkorrean, zailtasunik gabe.

5- Bitarteko telematikoak erabiliz, paziente edo erabiltzaileekiko zerbitzuak kontratatzeko jarduerek indarrean dagoen legeriari men egin beharko diote eta, bereziki, honako kode honetan jasotako balioak, eskubideak eta printzipioak aintzat hartu beharko dituzte.

26. artikulua. Lanbide-irizpideak hedabideetan eta Interneten

1- Hedabide, Internet eta sare sozialetan, farmazialariak halakotzat identifikatuta jarduten duenean farmazia-lanbideari buruzko arloen inguruko iritzia emateko, ziurtatu beharko du eskainitako informazioa ulergarria, egiazkoa, haztatua, zuhurra, erraza eta indarrean dagoen legeriaren araberakoa dela. Hala berean, ziurtatu beharko du informazioa egokia dela eskaintzen deneko kanalaren beharrizanei erantzuteko.

2- Osasunaren zaintzari edo herritarren gaixotasunak prebenitzeari dagokienez, farmazialariak ez du gizarte-kezkarik, nahasmendurik edo zalantzarik sorrarazten duen mezurik igorri behar.

3- Farmazialariaren deontologia-betebeharrak ez dira desagertzen berak emandako informazioak hartzaile ugari eta ezezagunak dituelako.

4- Farmazialariak farmazialari gisa identifikatu den beste farmazialari batek emandako informazioa gezurrezkoa edo, ustez, legez kontrakoa dela antzematen badu, herritarren osasunaren aurkako arriskua ekar dezakeelakoan, farmazia-elkargoen erakundeari jakinarazi beharko lioke eta, bidezkoa balitz, osasun-agintari eskumendunei.

5- Beste farmazialari edo osasun-profesionalen iritziz bestera, lanbideari lotutako gaiei buruzko desadostasunak hedabideetan, Interneten edo sare sozialetan ageri direnean, farmazialariak une oro ekidingo ditu besteen ospea lohitzea eta iraintzea, bai eta zalaparta sortzea eta lanbidearen izen ona jendaurrean galtzea.

27. artikulua. Errezeta elektronikoa egoki erabiltzea

1- Errezeta elektronikoaren sistema baliatzeko modua ematen duen norberaren identifikazio-gailua zaintzeko eta egoki erabiltzeko ardura dauka farmazialariak; hala, ez du onartuko beste lankide batek, laguntzaile batek edo beste pertsona batek erabil dezan.

2- Botika edo osasun-produktu bat bakar-bakarrik eman ahal izango da errezeta elektronikoaren sistemaren bidez indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzei jarraiki eman daitekeenean, nahiz eta, akatsa dela edo beste arrazoiren bat dela, sistema elektronikoak botika hori era teknikoan banatzeko modua ez ematea.

VII. kapitulua

FARMAZIALARIEN ARTEKO HARREMANAK ETA FARMAZIALARIEN ETA OSASUN-ARLOKO BESTE PROFESIONAL BATZUEN ARTEKOAK

28. artikulua. Elkarlaneko jarduna osasun-arloko beste profesional batzuekin

1- Farmazia-lanbidearen jarduna gizartearen zerbitzukoa da eta pazientearen osasuna nahiz bizi-kalitatea hobetzea du helburu; beraz, komeni da diziplina arteko elkarlana sustatzea helburu horiek lortu nahi dituzten osasun-arloko beste profesional batzuekin, horien iritzia aintzat hartuta eta, betiere, profesional bakoitzak dauzkan eskumenak behar bezala errespetatzeari kalterik egin gabe.

2- Farmazialariak elkarlanean jardungo du beste farmazialari batzuekin eta osasun-arloko beste profesional batzuekin, eta bere jakintza zientifikoa eta trebetasun teknikoak partekatuko ditu, pazienteen mesedetan.

29. artikulua. Farmazialarien arteko harremanak

1- Farmazialariek begirunezko tratua, leialtasuna eta osotasuna izan behar dituzte elkarren artean, haien arteko hierarkia-harreman edozein delarik ere.

2- Farmazialariak ez du destainaz maiseatuko lankideen lanbide-jarduketak, bereziki, paziente eta erabiltzaileen aurrean.

3- Lanbideko gaiei buruzko desadostasunek ez dute lanbidearen ospea lohitu dezaketen jendaurreko eztabaidarik sorrarazi behar.

4- Beste farmazialari batzuekin lanbide-jardunean sortzen diren ika-mikak era konstruktiboan konpontzen ahaleginduko da farmazialaria; horretarako, farmazialarien elkargoen bitartekaritza baliatu ahal izango du, legez dagokion babes judizialari kalterik egin gabe.

5- Farmazialariak ez du beste farmazialari baten ospea lohitzen duen salaketa bidegaberik edo funsgaberik egin beharko, ezta informazio aizuna edo gezurrezkoa eman ere. Era berean, ahal den neurrian, farmazialariak erasoak edo salaketa bidegabeak pairatzen dituen lankidearen alde egingo du.

6- Farmazialari batek beste lankide bat beraren lanbide-jardunean jazarpen morala edo bortxak pairatzen ari dela jakinez gero, farmazialarien elkargo eskumendunari jakinarazten ahaleginduko da.

30. artikulua. Talde-lana

1- Lantalde bat zuzentzeko ardura daukan farmazialariak zaindu egingo du zorroztasun etikoz jardutea eta tolerantzia izatea profesionalen askotariko iritzien aurrean.

2- Farmazialariak lankideen eta osasun-arloko beste profesional batzuen jarduna errespetatu beharko du eta honako kode honen XII. kapituluan, kontzientzia-eragozpenaren inguruan, jasotakoari men egin beharko dio. Nolanahi ere, paziente eta erabiltzaileen botikak eskuratzeko eskubideen murrizketa oro baztertu beharko da.

3- Taldeko lana gorabehera, pazienteak jarduketa asistentzial bakoitzaren ardura nork hartzen duen jakiteko modua izan beharko du eta profesional bakoitzak bere informazio-betebeharrei helduko die.

4- Farmazialariaren banako erantzukizuna ez da desagertzen edo arintzen taldean aritzeagatik. Farmazialariak erabateko isilpekotasuna gorde beharko du ezagutu dituen pazientearen datuen inguruan.

31. artikulua. Lehia desleiala

Farmazialariak ezin du indarrean dagoen legeriak lehia desleialtzat jo daitezkeen jarduketak gauzatu; bereziki, farmazialariak ezin izango du abantaila lehiakorra erdiesteko jokabiderik baliatu, abantaila hori legez kontra lortzen bada, edo paziente eta erabiltzaileen hautatze-askatasuna mugatzen edo murrizten duen jarduketarik gauzatu.

VIII. kapitulua

GIZARTE ETA ADMINISTRAZIO PUBLIKOEKIKO HARREMANAK

32. artikulua. Osasuna sustatzea eta herritarren gaixotasunak prebenitzea

1- Farmazialariak, bere eskumenen esparruan eta ahal duen neurrian, gaixotasunak prebenitzen eta herritarren osasuna nahiz bizi-kalitatea sustatzen lagundu beharko du; horretarako, herritarren osasun-hezkuntza sustatuko du eta bizi-ohitura osasungarriak bultzatuko ditu.

2- Farmazialariak herritarren osasun-hezkuntza sustatuko du botikak behar bezala eta zentzumenez erabil ditzaten eta horien abusua ekidin dezaten. Horietan laguntzen ahaleginduko da ildo horretako ekimenetan parte hartuz, pazienteen elkarteekin elkarlanean.

3- Farmazialariak arduraz eta eraginkortasunez parte hartuko du osasun-administrazioek farmazia-asistentziaren kalitatearen inguruan eta, oro har osasun-asistentziaren inguruan sustatzen dituzten programetan, aipatutako administrazioek halakoetan parte hartzeko deitzen diotenean.

4- Hondamendiak edo osasun-larrialdiak gertatzen direnean, farmazialariak osasun-laguntzako jardueretan parte hartuko du.

33. Osasun publikoaren zaintza

1- Farmazialariek, haien eskumenen esparruan, osasun-administrazioek herritarren osasunari kalte eragin diezaioketen balizko arazoak antzeman eta zuzentzeko xedez ezartzen dituzten programetan parte hartuko dute.

2- Farmazialariek farmazia-arloko zaintzaren ardura duten osasun-agintariei jakinarazi behar dizkiete antzemandako ondorio kaltegarri edo kontrako efektuen susmoak, gizaki nahiz animalietan erabiltzen diren botikek eragindakoak izan badaitezke.

3- Farmazialariek, ahal duten neurrian, osasun-administrazioek botikei, osasun-produktu, kosmetiko eta farmazia-arloko beste produktu batzuei lotutako balizko arazoak antzemateko eta konpontzeko programetan parte hartuko dute, nahiz eta legezko betebeharretatik haragokoak izan.

4- Herritarren osasunari arriskurik edo kalte larririk ekarri ahal dioten egintza, datu edo inguruabarren berri izanez gero, farmazialariek osasun-agintariei jakinarazi beharko diete.

34. artikulua. Konpromiso etikoa eta profesionala erregulazioaren kalitatearekin

1- Farmazialariak, legezko xedapenak nahitaez betetzeko betebeharrari kalterik egin gabe, ahaleginak egingo ditu farmazialarien elkargoen erakundeari laguntzen kode honetan ageri diren abiaburuak aintzat hartzeko xedez eta, ahal den neurrian, bertako edukiak aldatzen lagunduko du, haren irizpide zientifiko eta teknikoari jarraiki, pazienteek eta gizarteak onura handiagoa hartuko dutela pentsatzen duenean.

2- Osasun-sistema osasunaren zaintza sustatzeko gizartearen tresna behinena denez, farmazialariak, ahal den neurrian, lagundu egingo du osasun-sistemako baliabideak ekuanimitate-, objektibotasun- eta gardentasun-irizpideen arabera erabil daitezen.

3- Farmazialariak, ahal den neurrian eta bere lanbide-jardueraren eremuaren barruan, ahaleginak egingo ditu osasun- eta farmazia-arloko gastua arrazionalizatzeko asmoz legez edo arauz ezartzen diren neurriek eraginkortasuna kontuan har dezaten, betiere artapenaren kalitateari eutsita.

35. artikulua. Kirol-arloko dopinaren aurkako borroka

1- Farmazialariak ez du parterik hartuko kirolarien errendimendua zuzenean edo zeharka hobetzen duten iruzurrezko jardueretan, zerbitzuetan edo beste zeinahi egintzatan.

2- Kasu jakinetan, medikamentuek kirol-jardueran dopina eragin dezaketenean, farmazialariak gertaera horren berri ohartaraziko dio pazienteari edo erabiltzaileari.

36. artikulua. Ingurumenaren babesa

1- Farmazialariak bere lanbide-jardueran erabilitako material guztiak behar bezala ezereztu eta suntsitzeko betebeharra dauka. Halaber, sortzen dituen hondakinak behar bezala kudeatu beharko ditu, indarrean dagoen arloko legea betez.

2- Farmazialariek aholkua eta informazioa eman eta sustatu beharko dute pertsonek etxean erabilitako botiken ontziak eta hondakinak leku egokietan utz ditzaten.

IX. kapitulua

FARMAZIALARIEN ELKARGOEN ERAKUNDEAREN BARRUKO HARREMANAK

37. artikulua. Farmazialariaren eta farmazialarien elkargoen erakundearen arteko harremanak

1- Farmaziako titulazioa izateaz gain, eta estatutuetan jasotako baldintzak betetzen dituzten pertsonek eskubidea izango dute lanbide-elkargo egokian onar ditzaten. Era berean, farmazialariek elkargoko kide izan beharko dute indarrean dagoen legeriak hala xedatzen duenean.

2- Elkargoko kide den farmazialariak elkargoaren zereginetan parte hartzeko eskubidea izango du eta laguntza emateko betebeharra izango du laguntza eskatzen diotenean, bai eta elkargokideei dagozkien karga ekonomikoak ordaintzeko betebeharra ere.

3- Elkargoko kide den farmazialariak Kontseilu Nagusiko gobernu-organoek, autonomietako kontseiluek eta elkargoek onartutako arauak, araudiak, erabakiak eta ebazpenak bete beharko ditu, aplikagarri zaizkion arlo guztiei dagokienez.

4- Elkargoko kide den farmazialariak, bere lanbide-egoera zeinahi izanik eta unean-unean betetzen duen kargua gorabehera, Kontseilu Nagusiko gobernu-organoek, autonomietako kontseiluek eta elkargoek egindako errekerimendu, zitazio edo deiei erantzun beharko die.

5- Elkargoko kide den farmazialariak elkargoari jakinarazi ahalko dio honako kode honen edozein arau-hausteren berri, halakoen berri izanez gero.

6- Elkargoko kide den farmazialariak bizkortasunez, arduraz eta zehaztasunez eman beharko ditu bere lanbide-egoerari lotutako datu pertsonalak, legez edo estatutu bidez bidezkoak diren erregistroak prestatu eta eguneratuta izateko beharrezkoak diren heinean.

7- Elkargoko kide den farmazialariak ezin izango du, ez berez, ez sozietate profesionalen bidez (sozietate zientifikoak edo ez-zientifikoak izanik), lanbidearen ordezkaritza eratxiki administrazio publikoen aurrean, elkargoen erakundeak horretarako manu berariazkoa eman ezean, erakunde horrek baitauka lanbidearen ordezkaritza esklusiboa.

38. artikulua. Farmazialarien elkargoen erakundearen deontologia-betebeharrak

1- Farmazialarien elkargoen erakundearen lehentasunezko ardura da lanbidearen jarduna antolatzea, bai eta lanbideari atxikitako etika eta duintasuna jagotea eta farmazialariek emandako zerbitzuen hartzaile diren paziente eta erabiltzaileen eskubideak behar bezala errespeta daitezen jagotea ere.

2- Farmazialarien elkargoen erakundeak farmazia-lanbideari datxekion deontologia eta honako kode hau sustatu, garatu eta horien zabalkundea egingo du, eta konpromisoa hartuko du bertan jasotzen diren manuak bete daitezen ahalegintzeko.

3- Farmazialarien elkargoen erakundeak, bere lurralde-eremu guztietan, jagon eta neurri egokiak hartuko ditu unean-unean argitaratzen diren legezko xedapenek honako kode honetan jasotako balio eta abiaburuak aintzat har ditzaten.

4- Farmazialarien elkargoen erakundeak beharrezko laguntza emango die farmazialariei honako kode honetan ageri diren manuak betetzeari buruz sortzen diren zalantzak argitzeko.

5- Farmazialarien elkargoen erakundea lankidetzan arituko da irakaskuntza-arloko agintariekin Farmazia-ikasketen kalitatea sustatzeko helburuz, etikari eta deontologiari buruzko irakaskuntza nabarmenduta.

6- Farmazialarien elkargoen erakundea lankidetzan arituko da agintariekin farmazialariek bana-banaka lortutako lanbide-garapena aintzatesteko sistema ezartzen. Sistema horrek farmazialarien ezaupideak eta asistentzia-, irakaskuntza- eta ikerkuntza-zereginetan hartutako eskarmentua aitortuko ditu, farmazialariek besteren kontura egindako lanbide-jardueran (arlo publikoan nahiz pribatuan) zein norbere kontura egindako lanean.

7- Kontseilu Nagusiak konpromisoa hartuko du honako kode aldiro-aldiro berrikusi eta eguneratzeko, hala beharrezkoa denean.

39. artikulua. Farmazialarien elkargoen erakundean txertaturik dauden korporazioen arteko harremanak

1- Farmazialarien elkargoen erakundean txertaturik dauden korporazioek elkarrekiko harremanak izan behar dituzte, leialtasunaren, elkartasunaren eta jokabide arduratsuaren printzipioak betez, eta elkarren lankidetzan jardun behar dute funtsezko helburuak betetzeko eta, indarrean dagoen legezko araudiari eta estatutuei jarraiki, korporazio bakoitzari dagozkion eskumenak guztiz errespetatu behar dituzte.

2- Farmazialarien elkargo ofizialek eta autonomietako kontseiluek emandako deontologia-arauek, hala badagokio, honako kode honetan jasotako abiaburuak eta balioak aintzat hartu beharko dituzte, lurralde-eremu bakoitzari doazkion berezitasunei kalterik egin gabe.

3- Hala dagokionean, farmazialarien elkargo ofizialak baliatuko dira elkargo horietako kide direnen farmazialarien eta Kontseilu Nagusiaren nahiz autonomietako kontseiluen arteko harremanak bideratzeko, azkenek elkargokideei deitzen dietenetan.

4- Farmazialarien elkargo ofizialek arduraz, zehaztasunez eta bizkortasunez jakinarazi beharko dizkiete elkargokideen lanbide-jarduerari eta -egoerari lotutako datu pertsonalak Kontseilu Nagusiari eta, hala badagokio, elkargoen autonomietako kontseiluei, zeinek bere ardurapeko erregistroak prestatu eta eguneratzeko beharrezkoak diren heinean, legezko araudiak eta/edo estatutuek ezarritakoarekin bat etorriz.

40. artikulua. Farmazialarien elkargoen erakundeko gobernu-organoetan zuzendaritzako karguak dituzten farmazialarien deontologia-betebeharrak

Farmazialarien elkargoen erakundeko gobernu-organoetan zuzendaritza-karguak betetzen dituzten farmazialariek ondokoak bete beharko dituzte:

a) aplikagarriak diren legezko arauak, estatutuetan adierazitakoak eta deontologia-arauak une oro betetzea, kargudunek hartutako ebazpenak, erabakiak eta akordioak horietara egokituta, eta jokabide eredugarria erakutsi behar dute ekintza guztietan. Halaber, eraginkortasun eta eragingarritasunaren abiaburuei helduta, farmazialarien elkargoen erakundearen interes erkidea, lanbidearena eta elkargokide guztiena sustatu behar dute.

b) erakundearen jardunbide demokratikoa errespetatzea; hortaz, ez dute inola ere oztopatuko batzordeen edo batzarren legezko jarduera eta ez dute galaraziko auziak bozketa bidez erabakitzeko eskubidearen egikaritze askea eta arduratsua. Era berean, elkargoko gutxiengoen iritziak aintzat hartu eta errespetatu egingo dituzte.

c) elkargokideen deontologiari atxikitako informazioa eta agiriak isilpean gordetzea eta lanbidean jardutearen ondorioz ezagututako zeinahi gairen inguruko sekretua gordetzea.

d) ez dituzte elkargoko karguak erakundearen interesen kanpoko helburuetarako baliatuko eta euren kudeaketaren berri azalduko dute nork bere korporazioaren batzar nagusian, ahalik eta zorroztasun eta gardentasun handienez.

e) karguari dagozkion helburuen araberako portaera izango dute eta, hartara, helburu horietara makurtu beharko dute beste edozein komenentzia edo norberaren interes, bidezkoak izan arren. Kargudunen portaerak ez du sekula botere-abusurik sorraraziko eta ez du inola era horren zantzurik izango.

f) kargudunei eragin diezaieketen zeinahi interes-gatazkaren berri eman beharko dute, baina ezin izango dute parte hartu gatazkaren inguruko eztabaida eta erabakietan edo objektibotasuna zalantzan gera daitekeen kontuetan.

g) hedabideekiko harremanei gagozkiela, ez dituzte nahastu behar haien iritziak eta ordezkatzen duten korporazioaren iritziak.

X. kapitulua

LANBIDEA GARATZEN DENEKO ERAKUNDE, ZENTRO EDO ESTABLEZIMENDUEKIKO HARREMANAK

41. artikulua. Erakundeen, osasun-zentroen edo -establezimenduen kudeaketan erantzukizuna duten farmazialarien betebeharrak

Erakundeen, osasun-zentroen edo -establezimenduen kudeaketan erantzukizuna duten farmazialariek ondokoak jagongo dituzte:

a) haien erantzukizunpeko eremuan, arretaren kalitateari doazkion eskakizunak bete deontologia-printzipioak bete daitezen.

b) aipatutako zentroetan eskaintzen diren asistentzia-prestazioak hartzaileen beharrizanei eta erabilgarri dauden baliabideei egokitu daitezen; ildo horretan, arduradunek ez dute sustatu behar zerbitzu asistentzialak eskain daitezen giza baliabide eta baliabide materialen zuzkidura nahikorik ez badago.

c) aipatutako zentroetan jarduten duten farmazialariek behar bezalako harremana izan dezaten pazienteekin, azkenek dituzten intimitaterako eskubidea, isilpekotasunerako eskubidea eta gainerako eskubideak bermatuta.

d) aipatutako zentroetan erakunde-mota horri dagozkion jarduerez edo eginkizunez kanpokoak egin ez daitezen, zentroen izaera aintzat hartuta, legeriak ezarritakoari jarraiki.

e) aipatutako zentroetan aritzen diren farmazialarien jarduna bat etor dadin kode honetan ezarritako arauekin eta farmazialarien lanbide-askatasuna errespeta dadin.

f) osasun-zentro edo -establezimendu bakoitzaren ahalmenak horretarako aukera ematen duen neurrian, bertan aritzen diren farmazialarien lanbide-garapena eta ibilbidea aintzatesteko prozedurak erabil daitezen.

42. artikulua. Farmazialarien betebeharrak lanbidea garatzen dueneko erakunde, zentro edo establezimenduetan, horien kudeaketan erantzukizunik ez daukanean

Erakunde, osasun-zentro edo osasun-establezimenduen kudeaketan erantzukizunik ez dutenean, farmazialariek ondokoak bete beharko dituzte:

a) farmazialariek lan egiten duten erakunde, osasun-zentro edo osasun-establezimenduaren ospea zaintzea eta haien esku jartzen diren baliabideak eraginkortasunez erabiltzen laguntzea.

b) asistentziaren kalitateari edo farmazialarien jardunari atxikitako deontologia-jokabideari eragin diezaioketen hutsuneen berri jakinaraztea erakunde, zentro edo establezimendu horietako zuzendaritzari, hutsuneak zuzendu daitezen. Aurrekoa gorabehera, hutsuneak larritzat joko balira eta behar bezala konponduko ez balira, farmazialariek elkargoari eta/edo, ahal badagokio, osasun-agintariei jakinaraziko diete, pazienteen mesedetan.

c) farmazialarien jardun asistentziala eta lanbide-askatasuna arriskuan jartzen ez direla bermatzea, pizgarriak jasotzen direlako.

XI. kapitulua

PUBLIZITATEA

43. artikulua. Botika, osasun-produktu eta beste produktu batzuen publizitatea

1- Botika eta osasun-produktuen publizitatean parte hartzen duten farmazialariek aurretiaz egiaztatu beharko dute publizitateak bete egiten dituela indarrean dagoen arloko legeriak ezarritako betekizun eta baldintza guztiak.

2- Nolanahi ere den farmazialariak ezin izango du formula magistral eta sendabelarrez egindako prestakinen publizitaterik egin, legeriak xedatutakoari jarraiki.

3- Pertsonen osasunari onura ekartzen dioten produktu, material, substantzia edo metodoen publizitate eta merkataritza-sustapenean parte hartzen duten farmazialariek ziurtatu beharko dute publizitatea edo sustapena arloko legeriak ezarritakoari jarraiki egiten dela.

44. artikulua. Zerbitzu profesionalen publizitatea

1- Farmazialarien zerbitzu profesionalen eta merkataritza-komunikazioen publizitateari lotutako jokabidea indarrean dagoen legeriak xedatutakoaren araberakoa izan beharko da.

2- Deontologiazko arau-haustea izango da farmazialariak ez daukan prestakuntza edo gaitasunen bat egiaztatzeko titulua edo diploma ofiziala zeinahi era baliatuz eskuratzea. Horrek ez dio kalterik egingo egintza horren zioz egotz dakizkiokeen erantzukizunei.

45. artikulua. Osasun-zentro edo -establezimenduen publizitatea

Osasun-zentro edo -establezimenduen nahiz haietan eskaintzen diren zerbitzu eta prestazioei buruzko publizitatea egin edo informazioa eman nahi duen farmazialariak indarrean dagoen arloko legeriari men egin beharko dio eta, nolanahi ere, esandako zentro edo establezimendu horien osasun-baimenaren edukia aintzat hartu beharko du.

XII. kapitulua

KONTZIENTZIA ERAGOZPENA

46. artikulua. Farmazialariaren kontzientzia-eragozpena

1- Inguruabar jakin batzuetan, farmazialariek kontzientzia-eragozpenerako eskubidea dute eta, horren bitartez, uko egin diezaioke legez eskatzen den jokabide bati, baldin eta jokabide horrek farmazialariaren kontzientzia larriki behartzen badu, profesionalaren iritzi moral edo guztiz aurkakoa delako.

2- Norberaren kontzientzia eta moralaren arrazoiak direla kausa, kontzientzia-eragozpenak dena delako farmazialaria babesten du eta, horregatik, ezin zaio kidegoari edo farmazialarien erakundeari aplikatu. Era berean, kontzientzia-eragozpenak ez ditu komenientziazko edo oportunismoko jarduerak babestuko.

3- Kontzientzia-eragozpena ez da bide egokia eztabaida zientifiko, tekniko eta profesionaletatik sortutako gatazkak konpontzeko.

4- Kontzientzia-eragozpenak ezin du inola ere babestu farmazialariak jardun profesionalari uko egitea laguntza eskatzen duen pertsonaren ezaugarrietan funtsatuta, esaterako, arrazan, sexuan erlijioan, ideologian edo antzeko arrazoietan oinarrituta.

47. artikulua. Kontzientzia-eragozpena egikaritzea

1- Farmazialariak kontzientzia-eragozpenerako eskubidea baliatzen duenean, ezin da pertsonen osasunerako eskubidea mugatu edo baldintzatu. Horregatik, farmazialari eragozleak inguruabar horren berri eman ahalko dio prestazioa bermatu behar duen osasun-agintariari, herritarren osasun-eskubideen aurkako kalteak eta legeriak ezarritako pertsonen eskubideen aurkako kalteak saihesteko.

2- Farmazialari eragozleak ezarritako bideak jarraitu beharko ditu kontzientzia-eragozpenerako eskubidea egikaritu ahal izateko indarreko legeriak arautzen dituen kasuetan.

3- Farmazialariak kontzientzia-eragozlea dela jakinarazi ahalko dio bere elkargoari, estatutuetan ezarritako ondorioetarako. Halakoetan, halabeharrez, elkargoak erabateko isilpekotasunez kudeatuko du eragozlearen jakinarazpena.

4- Kontzientzia-eragozpenerako eskubideak ezin dio kalterik, ezta onurarik ere, ekarriko eskubidea egikaritu duen farmazialariari.

5- Paziente edo erabiltzaile batek eskatutako jarduera baten aurrean, farmazialariak ezin izango du kontzientzia-eragozpena baliatu bere iritzia nagusitzeko helburuz laguntza eskatu dion pertsonaren iritziaren gainetik.

XIII. kapitulua

IKERKETA ETA ARGITALPEN PROFESIONALAK

48. artikulua. Ikerketa artezten duten printzipioak

1- Botika eta teknika berrien ikerketak gizartean eta zientzian izan dezaketen garrantzia aitortuta ere, farmazialari ikertzaileak saiakuntzetan parte hartzen duten gizakien eta osasuna eta duintasuna lehenetsiko ditu beti.

2- Gizaki edo animaliekiko saiakuntzak egiten dituen ikerketa orok behar bezala bidezkoturik egon beharko du zientziaren ikuspegitik eta protokolo zehatza, egokia eta zorrotza izan beharko du. Hori horrela, ikerketak arloko legeriak ezarritakoari jarraiki men egin beharko dio, eta lan zientifikoari lotutako arauak eta eskakizunak ere bete beharko dira.

3- Farmazialariak ahalik eta zorroztasun zientifiko eta intelektual handienez garatuko du ikerketa, eta egiazkotasunaren betebeharrari lotuko zaio ikerketaren aldi guztietan; hortaz, ezin izango du interes ekonomikoei, komertzialei, pertsonalei edo aipatutako betebeharrari kalte eragin diezaioketen beste interes batzuei atxikitako erabakirik hartu.

4- Farmazialari batek farmazia-enpresa batek babestutako ikerketa zientifiko batean parte hartzen badu, bere parte-hartzea baldintzatuko du emaitzak askatasun osoz argitaratzeko aukeraren mendean, legez dagokion eran, enpresa babeslearen ikuspegitik, emaitzok aldekoak izan zein ez izan.

49. artikulua. Gizakien gaineko ikerketaren kontrola

1. Gizakiak erabiliz egiten diren ikerketa-proiektuetan parte hartzen duen farmazialariak ziurtatu egingo du proiektua deontologia-berme guztiekin eta unean-unean indarrean dauden legezko betekizunei jarraiki garatzen dela. Era berean, egiaztatu beharko du ikerketa-batzorde etiko batek onartuko duela proiektua, bidezkoa edo beharrezkoa denean.

2- Gizakien gaineko ikerketa bakarrik gara daiteke egiaztatzeko moduko eraginkortasuna eskaintzen duten beste bitarteko batzuen bidez egiterik ez dagoenean, edo gizakien gainean egitea ezinbestekoa den ikerketaren aldietan. 2- Gizakiak erabiliz egiten den ikerketa gauzatu aurretik, ahal den neurrian, animaliak erabiliz gauzatu beharko da, betiere kontrolatuta eta behar besteko denboran, eta emaitzek gerora arrakasta edukitzeko modukoak izan behar dute.

3- Gizakiak erabiliz egiten den esperimentu edo saiakuntza orotan, behar-beharrezkoa da ikerketaren xede den gizakiaren baimen askea, berariazkoa eta idatzizkoa, gutxienez, ondoko alderdi guztien informazio nahikoa eta egokia emanda: alde batetik, ikerketaren edo saiakuntzaren izaera, helburuak, teknikak eta onurak eta, bestetik, saiakuntzan parte-hartzeak sor litzakeen balizko arriskuak, kalteak eta eragozpenak. Era berean, adierazi beharko zaio saiakuntzan parte ez hartzeko eskubidea daukala eta zeinahi unetan parte hartzeari uko egin ahalko diola. Erabaki horren ondorioz, parte-hartzailearen osasunak ez du zertan kalterik hartu eta, behar izatekotan, osasun-arreta eskaini beharko zaio.

4. Gizakiak erabiliz saiakuntzak egiten dituzten ikerketek bermatu beharko dute parte hartzen duten pertsonek har ditzaketen arriskuak edo kalteak gehiegizkoak ez direla izango edo moralari zein duintasunari kalterik ez diotela eragingo. Horren haritik, ikerketan parte hartzen duen farmazialariak kontuzko neurri guztiak hartuko ditu parte-hartzaileak paira ditzakeen balizko arrisku eta eragozpenak txikiagotzeko.

5- Indarrean dagoen legeriak ezarritakoari jarraiki, deontologiaren ikuspegitik, ez da onargarria farmazialariak parte har dezan gizakien manipulazio genetikoa dakarten ikerketa-jardueretan, baldin eta helburu diagnostikorik edo terapeutikorik ez badaukate, edo giza enbrioiak sortzeko ikerketa-jardueretan, esperimentatzeko helburuz.

50. artikulua. Animalien gaineko ikerketaren kontrola

Animaliak erabiliz egiten diren ikerketa-jardueretan parte hartzen duen farmazialariak saihestu edo ahalik eta gehien apalduko ditu animaliek paira ditzaketen sufrimendu, kalte eta eragozpenak, ezinbestekoak eta bidezkoak ez badira zientzia eta giza balio garbiak dituzten helburuei erreparaturik; hala eta guztiz ere, indarrean dagoen arloko legeriak ezarritako betekizunak eta bermeak bete beharko dira.

51. artikulua. Ikerketa-jardueren zabalkundea egitea eta argitalpen profesionalak

1. Farmazialari ikertzaileak egiazkotasuna bermatu behar du eta, hortaz, ikerketaren emaitzak argitaratu beharko ditu datu egiazko eta zehatzetan oinarrituta, ganoraz eta zorrotz, zabalkunde zientifikoak darabiltzan bideak erabiliz, proiektuaren hasierako helburuak kontuan hartuta, emaitzak aldekoak izan zein ez izan. Deontologiaren ikuspegitik ez da zuzena ikerketaren emaitzak manipulatzea, ezkutatzea edo datu esanguratsuak ostentzea.

2- Ikerketa-jarduera baten zabalkundea egiten denean eta lan profesional bat argitaratzen denean, farmazialariak ondokoak aintzat hartu beharko ditu:

a) ez ditu behar bezala egiaztatu ez diren aurrerapen zientifiko berriak goizegi edo era sentsazionalistan ezagutzera emango, ezta haien esanahia puztu ere.

b) argiro bereizi behar ditu iritziak eta ikerketa-lanak, eta ziurtatu beharko du argitalpenak ez duela horren inguruko zalantzarik sortzen.

c) argitalpenetan, proiektua garatzeko jaso den laguntza, babesletza, beka edo finantzabide guztiak aipatu behar dira.

d) egiletzari buruzko alderdi guztiak zintzoki errespetatu behar dira, jabetza intelektualari buruzko legezkotasuna aintzat hartuta. Farmazialariak egiaztatu beharko du edukia jatorrizkoa dela eta plagioa baztertuko du eta du egile gisa agertzea onartuko proiektuaren diseinuan eta garapenean era esanguratsuan parte hartu ez badu. Azkenik, egoki eta zehatz erabiliko ditu aipamen bibliografikoak.

e) farmazialariak ziurtatu beharko du aipamen bibliografikoek ez dutela modurik ematen pazienteak zuzenean edo zeharka identifikatzeko, beharrezkoa izan ezik. Dena dela, azken kasuan, pazientearen berariazko baimen idatzia beharko da.

XIV. kapitulua

IRAKASKUNTZA

52. artikulua. Unibertsitateko prestakuntza

Farmazia-ikasketen arloko unibertsitate-irakaskuntzan jarduten duten farmazialariek ondokoak aintzat hartuko dituzte:

a) Farmazia-lanbidearen kalitatezko irakaskuntza zainduko dute eta behar bezalako garrantzia emango diote Farmazia Lanbidearen Deontologia Kodeak jasotzen dituen arau-manuak jakiteari. Horretarako, farmazialarien elkargoen erakundearen laguntza eskatuko da.

b) Farmazia-ikasketak aurrerapen zientifiko eta teknikoaren arabera hobetu daitezen eta herritarren osasun-beharrizanen arabera bilaka daitezen ahaleginduko dira.

53. artikulua. Tutoretzapeko praktikak

1- Farmazia-ikasleek haien prestakuntza-aldiari dagozkion zereginak gauzatu ahalko dituzte, legez ezarritako baldintzetan, betiere farmazialari arduradun batek gainbegiratzen baditu zeregin horiek.

2- Tutoretzapeko praktikez eta asistentzia-irakaskuntzaz arduratzen diren farmazialariek ondokoak bete beharko dituzte:

a) eginkizunak behar bezala bete beharko dituzte, zereginak prestakuntza-helburu praktikora bideratuta. Halaber, ezaupideak igortzeko prestakuntza jaso duenez, ikasleak behar bezala ebaluatuko ditu, eta aurreiritziak baztertuko ditu.

b) ikasleei denbora-tarte egokia eta nahikoa eskainiko die, eta ikasleek prestakuntzan eskuratutako ezaupideak eta trebetasunak erabil ditzaten ahalbidetu du.

c) ikasleei tratu egokia emango diete eta beren jokabidea ereduzkoa izango da. Ahal den heinean, ez diote ikasleari lanbide-jardueren inguruko alderdirik zuzenduko pazienteen edo laguntzaileen aurrean.

d) ez diete ikasleei zeregin edo eginkizunik esleituko irakaskuntza-helburuari lotu ezean edo ikasleen prestakuntza mugatzen edo kalterik eragiten badiote.

e) jagon egingo dute irakaskuntza eta ikaskuntza gara daitezen pazienteentzako eragozpenak ahalik eta gehien apalduta. Nolanahi ere, bermatu egingo dute ikasleen parte-hartzeak inolako kalterik sorrarazten ez diela pazienteen eskubideei.

54. artikulua. Prestakuntza espezializatua

1- Farmazialari egoiliarrek beren espezialitateari dagozkion ezaupideak eta trebetasunak eskuratu beharko dituzte era programatu eta tutoretzapean, prestakuntza praktikoa eta teorikoa jasoz. Aldi berean, pixkanaka-pixkanaka, farmazia-jardunean era autonomoan aritzeari datxekion erantzukizunaz jabetu beharko dira.

2- Farmazialari egoiliarrek eskubidea dute haiei esleitutako eginkizunei buruzko informazioa jasotzeko, bai eta eginkizunok ebaluatzeko sistemei buruzko informazioa jasotzeko ere.

3- Farmazialari egoiliarrek legeria, deontologia-arauak, erakundean erabiltzen diren jardunbide-arauak eta arau horiek txertaturik daudeneko irakaskuntzako unitatearen jardun berekia ezagutu eta bete behar dituzte, batik bat, pazienteen eskubideei dagokienez.

4- Farmazialari egoiliarrek tutoreen jarraibideei jaramon egingo diete, eta tutorerik egon ezean, farmazialariak aritzen direneko irakaskuntza-unitateko espezialitateen jarraibideei.

5- Pazienteek farmazialari egoiliartzat identifikatzeko modua izan behar dute era horretan jarduten duten farmazialariak.