Funtzioak

Espainiako Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorraren funtsezko xedeen artean dago honako arau hauetan zehaztutako funtzioak gauzatzea: Elkargo Profesionalei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legearen 9. artikulua; 1957ko maiatzaren 16ko Agindua –haren bidez onetsi zen Araudia– eta haren aldaketak (ekainaren 22ko 1774/1979, martxoaren 17ko 616/1982 eta urtarrilaren 23ko 249/1985 Errege Dekretuen bidez eginak)

Indarrean dagoen legedian ezarritakoaren arabera, honako hauek nabarmentzen dira Kontseilu Orokorraren funtzioen artean:

  • Lanbidearen ordezkaritza instituzionala Estatuko Administrazio Orokorraren eta hari lotutako edo haren mendeko organismoen aurrean, profesionalen elkargoko kide egitea nahitaezkoa denean.
  • Lanbidea antolatzea eta defendatzea Estatu mailan, Europar Batasuneko antzeko erakundeen aurrean eta nazioartean.
  • Elkargokideen zerbitzuen kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babestea.
  • Elkargoen Estatutu Orokorra egin eta onestea, bai eta Kontseilu Orokorraren Estatutua ere. Ondoren, Gobernuari bidaltzea, onar ditzan.
  • Aurrekontuak onestea, Kontseilu Orokorraren diru-sarreren eta gastuen erregimena finkatzea, eta urteko memoria onestea.
  • Saileko ordezkaritzak sortzea; ordezkaritza horiek askotariko farmazia-sektoreetako harreman eta interesak bateratu eta koordinatu behar dituzte, eta, era berean, dagoeneko daudenak erreformatu edo berrikusi behar dituzte, lanbide farmazeutikoaren bilakaera kontuan hartuta.
  • Lanbidearen prestigioa zaintzea.
  • Lanbide-elkargoak eta medikamentuaren esparrua arautzen duen legedia aldatzeko Estatuko Administrazio Orokorrak eskatzen dizkion proiektuei buruz nahitaez informatzea, Kontseiluaren xedearekin lotutako gai guztiei dagokienez; era berean, bere kabuz erabakitzen dituen gai guztiei buruz ere informa diezaioke.
  • Botere Publikoekin lankidetzan jardutea osasun publikoaren sustapenean eta gaixotasunaren prebentzioan, eta Estatu mailako administrazio sanitarioarekin kolaboratzea arreta farmazeutikoari buruzko politika sanitarioaren formulazioan eta medikamentu eta produktu sanitarioen arrazoizko erabileran, lankidetza-ekintzak eginez hezkuntzan eta produktu horiei buruz informatzeari dagokionez.
  • Legedi sanitarioa, oro har, eta legedi farmazeutikoa, bereziki, betetzen dela zaintzea; eta jardun profesionaleko askotariko modalitateen hobekuntza teknikoa eta profesionala lortzeko beharrezkotzat jotako xedapen eta jarduketak sustatzea Administrazio Publikoekin batera.
  • Farmazialarien Elkargo Ofizialek erabakitako ekintzak babestea eta laguntzea, herritarrei eman beharreko zerbitzu asistentzial farmazeutikoaren jarraitutasun-printzipioa bermatu ahal izateko.
  • Lankidetzako hitzarmen eta/edo itunak formalizatzea Estatuko Administrazio Orokorrarekin, unibertsitateekin eta/edo bere eskumeneko gaietan jarduten diren beste edozein erakunde publiko edo pribaturekin, eta haiek betetzeko eta eraginkorrak izateko behar diren bitartekoak ezartzea.
  • Profesional farmazeutikoen prestakuntza etengabea, jarraitua eta espezializatua lortzea, eta, horretarako, bere kabuz edota beste erakunde publiko edo pribatuekin lankidetzan prestakuntza jarraituko jarduerak sustatzea, eta Estatuko Administrazio Orokorrak eskuordetutako akreditazioko eta erregistro ofizialeko funtzioak gauzatzea.
  • Diplomak aitortzeari dagokionez, ziurtagiriak eta Europar Batasuneko estatu kideetako beste farmaziako titulu batzuk ematea; farmazia ezartzeko eskubidea eraginkortasunez gauzatzeko eskatzen zaizkion ziurtagiriak ematea –dagokion farmazialarien elkargo ofizialak txostena egin ostean–; eta elkargoekin eta elkargoetako kontseilu autonomikoekin komunikatzeko eta koordinatzeko behar diren mekanismoak sortzea, elkargokideei buruzko informazio eskaerei eta ezarritako zehapen irmoei erantzun ahal izateko.
  • Farmaziako Graduaren titulua eskuratzeko ikasketa-planetan parte hartzea, bai eta espezializazio farmazeutikoko ikasketetan, prestakuntza jarraituko jardueretan eta farmazialariaren ibilbide profesionalaren definizioan ere.
  • Lanbidearen ordezkariak izendatzea Estatuko Administrazio Orokorreko eta nazioarteko edo nazioz gaindiko organismoetako kontseilu, batzorde eta organismo aholku-emaileetan jarduteko.
  • Estatuko Administrazio Orokorrak haren esku utzitako edo esleitutako eginkizun guztiak betetzea eta harekin lankidetzan aritzea azterlanak, txostenak eta estatistikak eginez eta Kontseiluaren helburuekin loturiko bestelako jarduerak gauzatuz, berariaz eskatzen zaizkionak edota bere ekimenez formulatzen dituenak.
  • Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrietan oinarritutako proiektuak sortzea, konektibitatea ahalbidetzeko profesionalen, elkargoen, elkargoetako kontseiluen eta Kontseilu Orokorraren artean, eta, hala badagokio, konektibitatea ahalbidetzeko beste profesional batzuekin, herritarrekin eta Estatuko Administrazio Orokorrarekin.
  • Farmazialari elkargokideen erregistro zentral bat ezartzea. Haren bidez, honako datu hauek eskuratu ahalko dira –betiere datu pertsonalen konfidentzialtasun-printzipioak bermatuta–: elkargokideen izena eta abizenak, titulu ofizialak, helbide profesionala, gaikuntza-egoera, eta herritarren informazio-eskubidea eta Profesional Sanitarioen Erregistroa eraginkortasunez bermatzeko zehaztuta dauden edo zehaztuko diren gainerako datuak. Elkargo profesionalen erregistro bat ezartzea, legearen arabera hari dagozkion funtzio guztiak bete ahal izateko.