Araudia

Aplikatu beharreko arauak

Espainiako Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorraren araudia

  1. artikulua. Lanbide farmazeutikoaren zuzendaritzako eta ordezkaritzako organismo ofizial bakarra izango da Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorra. Korporazio den aldetik, Espainiako farmazialarien probintzia-elkargo guztiek osatuko dute nahitaez, eta horiek ezinbestean beteko dituzte Kontseiluak, bere eskumenen esparruan, emandako agindu guztiak.
  1. artikulua. Gobernadore zibilek eta Ministerio honen mende dauden gainerako agintariek ahalik laguntza gehien emango diote Elkargoen Kontseilu Orokorrari, araudi honetan zehazten diren helburuak ahalik eraginkortasun handienaz betetzeko.

LEHENENGO TITULUA

XEDEA ETA KONTSEILUAREN HELBURUAK

  1. artikulua. Kontseiluari dagozkio, esklusibotasunez, honako funtzio hauek:

a) Elkargo probintzialetako araudiak onartzea, osasun-batzar probintzialen esku-hartzerik gabe. 1934ko irailaren 28ko Estatutuetan agindutakoa kontuan izanda idatziko dira araudi horiek, beharrezko argibideekin, betiere Araudi honetan ezarritakoaren aurkakoak ez badira.

b) Elkargoen ordezkari izatea izaera orokorreko gaietan, eta, nahitaez, egokitzat jotzen dituen arauak seinalatzea erakundearen barne-gai guztietan, edozein direlarik ere. Horrenbestez, Kontseilu Orokorraren bidez egingo dituzte elkargoek botere publikoei egin beharreko eskaera guztiak, eta elkargokideenak, berriz, elkargoen bidez.

c) Farmaziei buruzko legedia betetzen eta burutzen dela zaintzea. Horretarako, estatu mailako esparruko Ikuskatzaileen Gorputz bat sortu eta mantenduko du, bere aurrekontuen kargura, eta ordezkatzen duen klasearen hobekuntza teknikoa eta profesionala, bai eta sozial, morala eta ekonomikoa ere, gauzatzeko egokitzat dituen xedapen guztiak kudeatuko ditu agintariekin batera.

d) Kolektibitate farmazeutikoaren eskubideak aldeztea, eta arbitro-lana egitea elkargoen artean edo elkargo barnean sortzen diren gatazketan, hala eskatzen zaionean, edo, eskatu gabe, berak esku-hartzea beharrezko irizten duenean.

e) Erakundeak behar dituen inprimaki guztiak argitaratzea, eta, haiek argitaratu baino lehen, Osasunaren Zuzendaritza Nagusiari bidaltzea honako hauek onets ditzan: errezetak kopiatzeko liburuen ereduak, estupefazienteak erregistratzeko ereduak, tarifak, berme-zigiluak, eta, oro har, farmaziako bulego eta laborategiak ondo jarduteko beharrezko den guztia. Era berean, arau egokiak xedatuko ditu formula magistralak errotulatzeko txartelak berdinak izan daitezen.

f) Nortasun juridiko osoz jardutea edozein motatako auzitegi eta epaitegietan, bai eta berezietan ere, eskubide eta ekintza mota guztiak gauzatzeko. Horretarako, araudi honek ahalmena ematen dio korporazioko presidenteari, haren izenean dagozkion manuak eman ahal izateko.

g) Askotariko sektore farmazeutikoen harreman edo interesak bateratuko dituzten sailak sortzea, korporazioaren barnean, egokia dela uste duenean. Sail horiek sortzen direnean, bakoitzak bere araudia egingo du, Kontseiluaren barnean izango duen jarduna arautzeko, eta, horren ostean, Kontseiluak berak onetsi beharko du. Sail horien erabakiek ez dute indar betearazlerik izango, Kontseiluak ez badu aurrez halakorik baimendu.

h) Farmazia-bulegoen irekitzeko eta ixteko ordutegiak arautzea, bai eta igandeetako atsedenaldia ere. Nolanahi ere, beti bermatu beharko da zerbitzu publikoa, guardiako txanden bidez. Ahalmen hori elkargoei eskuordetu ahalko die, egokia dela pentsatzen denean.

i) Elkargoen funtzionamendua eta kudeaketa ikuskatzea, egokitzat jotzen duenean edo agintari sanitarioek eskatzen diotenean, edota elkargokideen gehiengoak eskatzen duenean. Horretarako, komenigarritzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izango ditu. Era berean, Kontseiluak dagokion elkargoari kargatu ahal izango dizkio ikuskapenaren gastuak.

j) Organismo esklusibo gisa itunak egitea, aseguru sozialetan zerbitzu farmazeutikoa emateari dagokionez, eta dagokien ministerioekin edota haiek horretarako izendatzen dituzten organismoekin beharrezko hitzarmenak egitea, eta hitzarmen horiek betetzeko beharrezko arauak finkatzea.

Elkargokideen eta aseguru-organismoen arteko harremanak elkargo probintzialen bidez egiten direla zaintzea. Elkargo probintzialek Kontseiluari jakinaraziko dizkiete auziak, eta Kontseiluak onetsi beharko ditu.

Kontseiluari jakinaraziko zaizkio elkargoen eta aseguru-organismoen artean sortzen diren auziak, eta egoki irizten duen moduan jardungo du Kontseiluak.

Era berean, dagokion arauak emango ditu, indarrean dauden xedapenekin bat etorriz, honako zerbitzu-farmazeutiko hauek betetzeko: ongintza, arreta mediko-farmazeutikoko elkarteak (aseguru libreak), laneko istripuak eta gainerako erakunde analogoak.

Elkargoek egingo dute arestian aipatutako zerbitzu farmazeutikoen zenbatekoen fakturazioa, likidazioa eta banaketa, eragiketa horiek Kontseiluak egin behar dituela jotzen den kasuetan izan ezik.

k) Elkarlanean irmoki jardutea Farmazialarien Umezurtzen Elkargoarekin, halako erakunde onuragarri eta humanitarioak ahalik garapen handiena eta onena izan dezan.

l) Elkargoek antolatzen dituzten ekitaldi zientifiko eta profesionalak sustatu eta zaintzea. Kontseiluari jakinarazi beharko dizkiote ekitaldi horiek elkargoek.
m) Sariak, bekak eta aitortzak emango ditu, eta barneko araudietan arautuko dira haiek emateko baldintzak.

II. TITULUA

KONTSEILUAREN FUNTZIONAMENDUA

  1. artikulua.

Bat.

a) Kontseilu Orokorrak honako kide hauek izango ditu: presidentea, hiru presidenteorde, idazkaria, diruzaina eta kontularia. Farmazialarien elkargo ofizialetako presidente guztien artean aukeratuko dira kide horiek guztiak.

b) Hamazazpi kontseilukide:
– Kontseilukide bana Galiziako, Asturiasko, Kantabriako, Euskadiko eta Kataluniako autonomia-erkidegoek.
– Kontseilukide bana Aragoiko, Gaztela-Leongo, Gaztela-Mantxako, Valentziako, Murtziako, Extremadurako, Andaluziako, Balearretako eta Kanarietako autonomia aurreko erakundeek.
– Kontseilukide bana Madril, Errioxa eta Nafarroa probintziek.
Gorago apartatu honetan adierazi diren autonomia-erkidego, autonomia aurreko erakunde eta probintzia bakoitzeko elkargoek aukeratuko dute Kontseilu Orokorrean ordeztuko dituen kontseilukidea, Farmazialarien Elkargo Ofizialen Batzar Orokorrak onetsitako sistema uniforme baten bidez.

c) Honako sail hauetako ordezkariak izango dira hamaika kontseilukide: Udal-ikuskatzaile Farmazeutikoak; Farmazialari-analista Klinikoak; Banaketako farmazialariak; Industriako farmazialariak; Ospitaleko Farmazia; Optika Oftalmikoko eta Akustika Audiometrikoko farmazialariak; Elikadurako farmazialariak; Dermofarmaziako farmazialariak; Ortopediako farmazialariak; Farmazia-bulegoko farmazialariak; eta ikerkuntzako eta irakaskuntzako farmazialariak.

Bi.

Presidenteak, idazkariak eta diruzainak konpromiso bat hartu beharko dute hautagaitzak aurkeztean: Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrak egoitza duen udalerrian finkatu beharko dute beren bizitokia.

  1. artikulua. Hiru urtean behin berrituko da Kontseiluko kideen erdia, eta hautaketa Madrilen egingo da, Kontseilu Orokorraren egoitzan.

Honako hauez egongo da osatuta hauteskunde-mahaia: pertsonarik zaharrena bertaratutakoen artean, eta bi kontseilukide –haiek ere presidenteak–; bata, bigarren zaharrena, eta, bestea, berriz, gazteena. Halaber, Kontseilu Orokorreko idazkariak egingo ditu idazkari-lanak. Dagokion aktan jasoko da emaitza, eta Osasuneko Zuzendaritza Nagusiari bidaliko zaio. Zuzendaritza horrek izendapenak berretsiko ditu.

Honako hauek utziko dute beren kargua berritze partzial horretan: presidenteordeak, idazkariak, kontulariak eta kontseilukide bikoitiek. Honako hauek utziko dute beren kargua bigarren berritze partzialean: presidenteak, diruzainak eta kontseilukide bakoitiek.

  1. artikulua. Karguak hautatzea. Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorreko hutsik dauden karguak hornitzeko deialdiak egiteko arauak bat etorriko dira irizpide orokor hauekin:

Bat. Sistema arrunta.

a) Hautagaitza orokorra.

Presidentearen, presidenteordearen, idazkariaren, diruzainaren eta kontulariaren karguak bilduko ditu, Ministerioaren 1957ko maiatzaren 16ko Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Kargu horiek hutsik daudela aitortuko du Kontseilu Orokorrak, hautagaiak jakinarazi baino hamabost egun lehenago, gutxienez.

2. Honako hauek izan daitezke postu horietarako hautagaiak: falta astunagatik diziplina-zehapenik jaso ez duten edota epai irmo bidez lanbidean edo kargu publikoetan jarduteko gaitasungabetuak ez dauden farmazialari elkargokide guztiak. Era berean, beren tituluak jarduteko gaitzen dituen edozein modalitatetan gutxienez hiru urtez lanean aritu direla egiaztatu beharko dute.

3. Hautagaitza orokor horretako hautesleak izango dira farmazialarien elkargo ofizialetako presidenteak edo estatutuarekin bat etorriz haiek ordezten dituzten pertsonak.

b) Hautagaitza espezifikoak.

Hautagaitza espezifikoak ezarriko dira autonomia-erkidegoei dagozkien kontseilukideak eta saileko ordezkaritza bakoitza aukeratzeko.
Horretarako, bete behar diren kargu hutsak argitaratuko ditu Kontseilu Orokorrak, 1957ko maiatzaren 16ko Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, hautagaiak jakinarazi baino hamabost egun lehenago, gutxienez.

2. Autonomia-erkidegoetako kontseilukide-kargua betetzeko hautagai izan daitezke autonomia-erkidegoa osatzen duten farmazialarien elkargo ofizialetako presidenteak ez ezik, elkargo probintzial horietako farmazialari elkargokideak ere, zeinak proposatu behar baititu elkargo haietako bakoitzaren gobernu-batzarreko gehiengoak.
Saileko ordezkari izateko, hautagai izan daiteke, elkargoetako sail horretako ordezkariak ez ezik, sail horren xede den modalitatean gutxienez urtebete lanean aritu den edozein farmazialari elkargokide ere.

Ezingo dute izan postu horietarako hautagaiak falta astunagatik diziplina-zehapena jaso duten edota epai irmo bidez lanbidean edo kargu publikoetan jarduteko gaitasungabetuak dauden pertsonak.

3. Autonomia-erkidegoei dagozkien kontseilukideen hautesleak izango dira erregio bakoitza osatzen duten farmazialarien elkargo ofizialetako presidenteak edo haiek ordezteko izendatutako pertsonak. Probintzia bakarreko erkidegoetan, erkidego bakoitzeko farmazialarien elkargo ofizialetako gobernu-batzarreko kideak izango dira hautesleak.

Saileko ordezkaritzetarako, farmazialarien elkargo ofizial bakoitzeko hautatu behar den saileko ordezkari guztiak izango dira hautesleak.

Bi. Hutsik dauden postuak behin-behinean betetzea.

Ondoz ondoko bi hautaketa-prozesuren bitarteko aldian hutsik geratzen diren plazak honako prozedura honen bidez hornituko dira:

a) Presidentearen, presidenteordearen, idazkariaren, diruzainaren eta kontulariaren karguak, hutsik geratuz gero, xede horretarako Kontseilu Orokorraren Osoko Bilkurak deituko duen Presidenteen Batzarrean aukeratuko dira. Osoko Bilkura horrek kasu bakoitzean onesten duen araudiarekin bat etorriz gauzatuko da prozedura, eta arau horientzako oinarri izango da aurreko arauzko berritzea.

b) Saileko ordezkaritzetan edo ordezkaritza autonomikoetan geratzen direnean karguak hutsik, hori gertatu eta hurrengo hilabetean egingo da ordezkari hori Osoko Bilkuran hautatzeko deialdia, Kontseiluaren azken Osoko Bilkura berritzea arautu zuen araudiarekin bat etorriz.

c) Modu horretan betetako karguek ohiz kanpoko hautaketa egiten denetik hurrengo arauzko berritzea egiten denera arte iraungo dute, nahiz eta hori ez izan kargu horiek berritzeko deialdia.

Hiru. Presidentearen absentziak.

Gaixotasun, bidaia edota beste edozein arrazoi dela eta presidentea ez dagoenean, elkargokide izaten antzinakotasun handiena duen presidenteordea izendatuko du Kontseiluko presidenteak, absentziak irauten duen bitartean ordeztu dezan.

  1. artikulua. Batzorde iraunkor bat eratuko da Kontseilu Orokorraren barnean, eta honako hauek izango dira kideak: presidentea, hiru presidenteordeak, idazkaria, diruzaina eta kontularia. Era berean, Kontseilu Orokorraren Osoko Bilkuraren arauzko berritze bakoitzean eta organo horrek egiten duen lehen saioan izendatuko dira 4. artikuluaren b) apartatuan zehaztutako kontseilukideak eta artikulu berberaren c) apartatuan zehaztutako saileko ordezkaritzetakoak, eta, betiere lau kontseilukide eta bi saileko ordezkari izendatuko dira, gehienez.
  2. artikulua. Batzorde Iraunkorraren ardura izango da Kontseiluaren akordioak betearaztea eta izapidetze-gaiak eta presako gaiak ebaztea, eta hartutako erabakiak Kontseiluaren Osoko Bilkura egiten denean jakinaraziko dira. Hilabetean behin, gutxienez, bilduko da Batzorde Iraunkorra, eta dagozkion akten liburua joango da osatzen.
  3. artikulua. Kontseiluko Diruzaintzak ordainduko ditu Osoko Bilkurara eta Batzorde Iraunkorraren bileratara joateagatik Kontseiluko kideek izandako gastuak. Diruzaintzak ordainduko ditu, halaber, kontseilariek beren bizilekutik kanpora joategatik izandako gastuak, Batzorde Iraunkorraren erabaki baten bidez edo Kontseiluko presidentearen agindu baten bidez.
    Presidenteak eta Kontseiluko idazkariak, ordezkaritza-gastuei erantzuteko, Osoko Bilkurak adostutako urteko zenbateko bat jasoko dute, eta zenbateko horrek ezingo du, haietako bakoitzarentzat, Kontseiluaren diru-sarreren aurrekontu arrunta baino % 2,5 handiagoa izan. Era berean, dirua erabiltzeagatiko kalte-ordaina ordainduko zaio diruzainari, eta zenbatekoa Osoko Bilkurak adostuko du, baina ezingo du presidenteari eta idazkariari esleitutakoa gainditu.
  4. artikulua. Presidentea. Batzorde Iraunkorraren bileren, Osoko Bilkuraren eta Batzarraren buru izango da; bere izenpearen bidez baimenduko ditu komunikazio ofizial guztiak, eta korrespondentzia berrikusiko du hori egitea komenigarritzat jotzen duenean; orobat, erakundeak esku hartu behar duen auzi mota guztietan jardungo du, eta, nahi izanez gero, edozein presidenteorde izendatu ahal izango du horretarako; halaber, Batzordearen bilerako gai-ordena erabakiko du; hortaz, haren ardura izango da Kontseiluaren zuzendaritza osoa gauzatzea. Kontseiluaren ordezkari denez, hirugarren artikuluko f) apartatuarekin bat etorriz, dagokion manua eman ahal izango du prokuradoreen alde, eskubideak auzitan jarduteko edo klase farmazeutikoari eragiten dioten edozein motatako ekintzak gauzatzeko.
  5. artikulua. Presidenteordeak. Presidentea ordeztuko dute 6. artikuluaren hirugarren apartatuan aurreikusitako kasuetan, artikulu horretan zehaztutako ordenari jarraikiz, non lehentasuna elkargokide izaten antzinakotasun handiena duen presidenteordearena baita.
  6. artikulua. Diruzaina. Kontseiluaren kontabilitateaz arduratuko da, beharrezko laguntzaileekin batera, eta haren funtsak zainduko ditu.
  7. artikulua. Kontularia. Kontabilitateko liburuak erkatu eta izenpetuko ditu diruzainarekin batera, eta hura ordeztuko du absentzia edo gaixotasunaren kasuan.
  8. artikulua. Idazkaria. Honako ardura hauek izango ditu: dokumentuak idatzi eta izenpetzea; korrespondentzia igortzea; bazkideak, legezko xedapenak eta administrazio-xedapenak erregistratzea; aktak idaztea; eta Idazkaritzako bulegoaren jardun egokia zaintzea, hautemandako irregulartasunak Batzordeari jakinaraziz. Idazkaritzako langileen izendapena, ordezkapena eta kargugabetzea proposatuko dio Batzordeari, betiere horretarako ezarrita dauden formulak aurretiaz betez.
  9. artikulua. Kontseilukideak. Sailen ordezkari hautatutakoen ardura izango da sail bakoitzari dagozkion gaiak aztertzea, eta idatziz jakinaraziko dituzte proposatutako ebazpenak. Era berean, idatziz jakinaraziko dute presidenteak edo idazkariak aztertzea agintzen dieten gaiei buruz. Gainerako kontseilukideak arduratuko dira Presidentziak agintzen dizkien batzorde, sail eta lanez. Sail berriak sortuz gero, presidenteak izendatuko du haiek zuzenduko dituen kontseilukidea, sail horien arauzko hornikuntza egin arte.
  10. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen egitekoak dira:
    Lehenengoa. Araudia eta Kontseiluan hartzen diren erabakiak bete eta betearaztea.
    Bigarrena. Araudi honen interpretazioaren eta bertan aurreikusita ez dauden kasuen inguruan sor daitezkeen zalantzak argitzea.
    Hirugarrena. Kontseiluan zerbitzu ematen duten langileak izendatzea eta kargugabetzea.
    Laugarrena. Araudi honetako laugarren tituluan zehaztuta dauden zehapenak ezartzea.
  11. artikulua. Presidentearena da Kontseiluaren ordezkaritza edozein organismotan, eta hark ezin badu parte hartu, edozein presidenteorde izendatuko du, eta horiek ez badira Madrilen bizi, Zuzendaritzako edozein kide izenda dezake Presidenteak. Kontseiluak, Presidenteaz gain, ordezkari bat baino gehiago izendatu behar badu, Batzorde Iraunkorrak izendatuko ditu, eta jarduketa horren berri emango diote hari.
  12. artikulua. Farmazialarien Elkargoen Kontseilu Orokorrari dagokio elkargoetako batzar orokorrak deitu eta antolatzea. Nahitaez joan behar dute elkargoek batzar horietara, eta bi ordezkari bidal ditzakete gehienez; haietako bat presidentea izango da nahitaez, eta, bestea, berriz, dagokion elkargoko batzordeak berak hautatuko du nahierara. Biek ala biek izango dute hitza hartzeko eskubidea, baina presidenteak edo hura ordezten duenak soilik izango du botoa emateko eskubidea. Kontseiluak kasu bakoitzean adosten dituen arauen bidez arautuko dira batzar horiek, eta ez dute deialdian adierazita ez dagoen gairik jorratuko. Bestalde, galde-eskeen txanda bat egingo da batzar horietan. Batzar horien deialdiak gai-zerrenda izango du, eta ekitaldia baino hilabete lehenago egin beharko da.

Gutxienez, hiru urtean behin egingo dira batzar horiek.

III. TITULUA

GIZARTE-FUNTSAK

  1. artikulua. Kontseiluak formulatuko du urtero bere diru-sarreren eta gastuen aurrekontu arrunta. Kontseiluaren berezko xedeak estaliko ditu aurrekontu horrek, diru-sarrera hauen bidez: elkargoen kuotak, izen emandako elkargokideen kopuruaren proportzioan eta Kontseiluak haietako bakoitzarentzat aurrez ezarritakoaren arabera; inprimakien salmenta; errezetak kopiatzeko liburuen salmenta, estupefazienteak erregistratzeko liburuen salmenta; berme-zigiluen salmenta; ondasun, Estatuaren titulu eta baloreen interesak: dohaintzak eta abar. Gastuei dagokienez, berezko gastuak esleituko dira Kontseiluak funtziona dezan.

Elkargoetako diruzainek Farmazialarien Elkargo Ofizialetako Batzar Orokorrak elkargo bakoitzari esleitutako kopuruak igorri beharko dizkiote Kontseilu Orokorreko diruzainari, aipatu batzarrak zehaztutako epeetan. Era berean, izen emandako elkargoen zinpeko zerrenda nominal bat igorri beharko dute, hiruhileko bakoitza amaitzean.

Diruzainak proposatuta, aurrekontu honetako titulu batetik beste titulu batera egingo diren funtsen transferentziak onetsiko ditu Kontseiluak.

Arestian xedatutakoa baztertu gabe, elkargoek ordaintzen ez dituzten kopuruak auzibidez ordainaraz daitezke, eta elkargo zordunak ordaindu beharko ditu prozedura horrek edo abian jartzen den beste edozein prozedurak sorrarazitako gastuak.

  1. artikulua. Urteko ekitaldi bakoitza amaitzean, kontuak xehatuta eta aurreko aurrekontua likidatuta aurkeztuko ditu diruzainak, Kontseiluak aztertu eta onets ditzan. Bere garaian, Batzarrari jakinaraziko zaio.
  2. artikulua. Gizarte-funtsak, diruzainak bere esku eduki behar duen kopurua izan ezik, kontu korronte batean egongo dira, banketxe batean. Kontu korronte horretatik atera ahalko dira, osoki edo zati batean, diruzainaren eta presidentearen izenpearekin.

Osoko Bilkurak erabakita, Estatuaren baloreetan, beste edozein motatako baloreetan edo ondasun higiezinetan inbertitu ahalko da gaindikina.

IV. TITULUA

FALTAK ETA ZEHAPENAK

  1. artikulua. Elkargoen Kontseilu Orokorrak emango ditu farmazialarien elkargo ofizialen funtzionamendurako arauak, nahitaez betetzekoak. Arau horiek ez betetzea edota haien betearazpena atzeratzea edo ez gauzatzea falta izango da.
  2. artikulua. Astunak edo arinak izan daitezke faltak, Kontseiluaren funtzionamendu normalean eragin ditzaketen arazoen transzendentziaren arabera. Falta horien transzendentzia eta kalifikazioa Zuzendaritza Batzordeak erabakiko du kasu bakoitzean.
  3. artikulua. Falta arinei zigor hauek ezar dakizkieke:
  • a) Ohartarazpen soil bat egitea, ez dadin berriz ere falta bera egin.
  • b) Kargu-hartze pribatu bat egitea.

Falta arinak berriz egitea falta astuntzat hartu ahal izango da, Batzordeak hala erabakitzen badu.

  1. artikulua. Falta astunei zigor hauek ezar dakizkieke:
  • a) Kargu-hartze publikoa egitea. Korporazioaren akten liburuan idatziko da kargu-hartze hori, eta zigortutako elkargoari jakinaraziko zaio.
  • b) Falta egin duen elkargoko Zuzendaritza Batzorde osoa edo zati bat kargugabetzea. Hala badagokio, kargugabetutako kideak gaitasungabetuko dira, eta ezingo dira hautatu adosten den epean.
  1. artikulua. Kontseiluak eskumena izango du elkargoan sartzeko eskaera egin duten farmazialariei eskaera ukatzearekin lotutako helegiteetan, bai eta elkargoek ezarritako zehapen eta isunen aurkako apelazio-kasuetan ere. Dagokion elkargoaren bidez izapidetuko dira helegiteak, eta, diruzko zehapena ezartzen den kasuetan, zehapenaren zenbatekoa Kontseiluaren eskura dauden Gordailuen Kutxa Orokorrean edo haren sukurtsaletan sartuko da, eta gordailutze horren frogagiria atxiki beharko zaio helegitearen idatziari.
  2. artikulua. Azken buruan, Gobernazio Ministerioaren aurrean jarri ahalko da helegitea Kontseiluaren erabakiaren aurka, eta Ministerioak behin betiko ebatziko du auzia. Apelazioak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa da, erabakia jakinarazi den unetik zenbatzen hasita, eta zehatutakoari ohartaraziko zaio helegitea jartzeko eskubidea duela eta zer epe duen xede horretarako.

V. TITULUA

ARAUDIA ERREFORMATZEA

  1. artikulua. Klasearen interesentzat komenigarria dela erabakitzen badu, Zuzendaritza Batzordeak araudi honen erreforma osoa edo partziala proposa diezaioke Batzarrari. Batzarrak proposamena berretsitakoan, nagusien esku utziko da, haiek onets dezaten.

VI. TITULUA

FARMAZIALARI TITULARREN, ANALISTEN, DROGA-BILTEGIETAKO ZUZENDARI TEKNIKOEN, ESPEZIALITATE FARMAZEUTIKOEN LABORATEGIEN ETA OSPITALEKO FARMAZIALARIEN SA

  1. artikulua. Farmazialarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorraren barnean honako sail hauek eratzen dira: Farmazialari Titularrak, Analistak, Droga-biltegietako Zuzendari Teknikoak, Espezialitate Farmazeutikoen Laborategiak eta Ospitaleko Farmazialariak. Sail horien ahalmen eta betebeharrak bakoitzari dagokion barne-araudian xedatutakoak izango dira. Sailek egin beharko dituzte barne-araudi horiek, eta Kontseiluari aurkeztu, Araudi honen 3. artikuluko g) apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz.

Elkargoek zainduko dute elkargoen sail probintzialen bidez egiten direla elkargokideek erakunde publikoekin lotuta egiten dituzten kudeaketak. Hala badagokio, sail probintzial horiek eramango dituzte elkargokideek proposatutako problemak Kontseilura, hark ebatz ditzan.

  1. artikulua. Urteko lehen hiruhilekoan, elkargokide diren elkargoko dagokien sailera igorriko dituzte farmazialari titularrek aurreko urtean egindako lanak jasotzen dituen memoriaren bi ale. Ondoren, sail horrek dagokion Kontseiluko sailera igorriko du memoria horren ale bat, haren berri izan dezaten eta artxiba dezaten.

VIII. TITULUA

«KONTSEILUAREN INFORMAZIO-BULETINA»

  1. artikulua. Kontseilu Orokorrak klasearen organoa den «buletin» bat argitaratuko du, lanbidearen askotariko premiek eskatzen dituzten sail guztiekin.
  2. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen ardura izango da «Buletina» zuzentzea, eta, hark eskuordetuta, Batzorde Iraunkorrarena izango da ardura. Kontseiluko diruzainaren ardura izango da administrazioa.
  3. artikulua. Farmazialarien elkargo guztiek izango dute Buletinean, lehentasunez, beren akten laburpenak, zirkularrak, deialdiak eta abar argitaratzeko espazioa, betiere buletinaren zenbaki bakoitzaren premiek hori ahalbidetzen badute.
    Halaber, espazio bera izango dute Kontseiluko sailek, muga berberekin.